XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi egunetan sei lagunek eginiko ibilbidea Txirrinduaz Doñana inguratuz

Aste Santuko oporrak dira.

Euskal Herritik alde eginda, epelago eta udaberrian dauden herri hauetara etorri gara Nairobitarreko lagunekin.

Bizpahiru egun Caceresko probintzian txirrinduaz bueltaka ibili ondoren, hango errepide lauek hankak berotu dizkigute.

Bagoaz ba, Doñana aldera ea han zer aurkitzen dugun.

Doñanako parkea Espainako hegoaldean dago, Sevilla-ren azpian mapan, Guadalquivir ibaia itsasoratzen den alderdian.

Haundi xamarra da:50.720 Ha. (Gipuzkoaren laurdena).

Doñana eta fadurak (marismak alegia) elkarrekin daude.

Fadurek, urte erdi urpean eta ia beste erdi kiskalita dauden lur horiek era guztitako hegaztiak babesten dituzte: ahateak, koartzak eta hanka luzeak dituzten hegazti asko (Europako %90 diotenez).

Itsasoa eta faduren arteko lurrak, Doñanak berak, basurdeak, basauntzak, azeriak, antzarak e.a. elikatzen ditu.

Udaberriaren hasiera edo negua izan daiteke, agian, Doñana bisitatzeko garai egokia, hezea eta bizitzaz beterik agertzen da eta.

Lehenengo eguna

Goiz, 8,30etan, bi hilabete aurretik pagatu behar zen Land Rover-ezko bisitatxoaz baliatu ginen ondorengo txirrinduazkoa zertxobait ezagutzeko.

Lau ordutan zehar, hondartzatik, haremunen artean, faduretara inguratuz, eraman gintuzten; telebistan bezain haundia ez, baina abere kopuru polita ikusteko aukera izan genuen.

Itzultzean hondartzatik egindako buelta izan zen harri eta zur gehien utzi ninduena eta pozik gainera susmoa nuelako berriz ere handik txirrinduaz pasatuko ginela.

Hori bukatu eta gero hasi ziren txirrinduzko itzulierako prestakuntzak: itsasoan murgildu, bidea zertxobait begiratu mapan, zer edo zer jan... eta ekipoa (laburra benetan) prestatu.

Sei lagun ginen prest: Fede, Josu, Yolanda, Bernar, beste Josu eta Jon.

Egingo genuen itzulia ere prest zegoen: Matalascañas (Doñanako hego eta ezkerreko muturra), El Rocío (romeria famatu hori), Villafranco, Guadalquivir pasa, Sanlúcar de Barrameda berriz pasa ibaia eta hondartzatik (30 km.) berriz Matalascañas.

Atera baino lehenago bagenekien hondartzatik txirrinduaz pasa ahal izateko arazoak gerta zitezkeela, itsasbeherako hondar bustitik pasa behar baikenuen.

Hala ere, hondartzan 5 km. egin eta gero berandu genbiltzala konturatu ginen, itsasoa erdian zegoen eta.

Konponketa erraza zen; atzera eta hondartzatik hasi ordez hondartzan bukatu (nahigabeko asmakizuna, tokirik politena izan zen eta).

El Rocío-rainoko errepidea (16 km.) atsegina izan zitzaigun: kotxe gutxi, freskatzeko haize piska bat, eguraldi ona, laua... El Rocío-n hasi ziren arazoak: mapan pista bezala agertzen zen hura, hondarreta huts bat besterik ez zen.

Ez zen, ez, txirrinduaz ibiltzeko biderik onena, baina horrek ez zizkigun itzulia emateko gogoak kendu; bide erdia txirrinduaz, beste erdia oinez, hasierako 6 km. txar haiek pasa genituen.

Bukatzean, justu, han urrutian eguzkia ari zen sartzen Doñanan; lehen basoa zena orain lautada bihurtu zaigu.

Benetako pista iristean gurpilak berriz gonflatzen.